Skip to main content
Orai azken
2025 | October 07

Hitzaldiak, biltzarrak eta demoak

Azken aste hauetan, Oraiko ikertzaileek egunerokoan egiten duten lana zabaltzen jarraitu dute.

Adimen Artifizial (AA) eta Hizkuntza Teknologiako HiTZ Katedraren kide gisa, katedraren inaugurazio ofizialean egon zen Oraiko koordinatzaile den Aitzol Astigarraga. Ekitaldian “Adimen artifiziala eta hizkuntzaren teknologiak enpresan” gaiari buruzko mahai-ingurua egin zen, eta Astigarraga hizlarietako bat izan zen. Harekin batera, Josu Bilbao (Ikerlan), Iraia Ibarzabal (Multiverse Computing), Joseba Laka (Tecnalia) eta Alberto Pozo (Masorange) aritu ziren, HiTZ zentroko Gorka Azkunek moderatuta.

Sociedad Española para el procesamiento del lenguaje elkarteak Zaragozan antolatu du aurten bere SEPLN 2025 kongresua, eta, iazko edizioan bezala, Oraik bi paper aurkeztu zituen bertan. Maddalen Lopez de Lacallek ‘Personality Assessment on Spanish and Basque Texts using In-Context Learning Techniques’ lana aurkeztu zuen, Aitzol Saizarrekin eta Xabier Saralegirekin egindakoa. Bestalde, Ander Corralek ‘Assessing Small Language Models for Translating Spanish Instructions into Behavior Trees’ aurkeztu zuen. Aitzol Saizar, Gorka Urbizu, Maddalen Lopez de Lacalle eta Xabier Saralegi dira gainerako egileak. Bestalde, kongresuaren barnean enpresa eta ikerketa-zentroetarako erakusleiho den TecnoLing 2025en Orairen azken soluzioak izan ziren ikusgai.

ILENIA proiektuaren barnean, hizkuntzaren ekonomia berria eraldatzen ari diren teknologia digitalei buruzko jardunaldia antolatu zen, eta topaketan ILENIA proiektuan garatutako bost demo aurkeztu ziren. BlokLM demoa izan zen horietako bat, Oraik garatu duena. Erabiltzaileei beren dokumentuak antolatzen, ulertzen eta laburtzen laguntzeko diseinatua dago. Eta laguntzaile birtual baten gisa lan egiten du, galdera-erantzunak, laburpenak, FAQak, kontzeptu-mapak eta podcast moduko audioak sortuz.

Berriki, Txinako Suzhou hirian antolatu da aurten Conference on Empirical Methods in Natural Language Processing EMNLP 2025 kongresua, eta Oraiko Ixak Sarasua ikerlariak ‘DIPLomA: Efficient Adaptation of Instructed LLMs to Low-Resource Languages via Post-Training Delta Merging’ lana aurkeztu zuen. Ander Corralekin eta Xabier Saralegirekin batera egindako lana da.

Oraik beste lan bat aurkeztu zuen 5th Multilingual Representation Learning Workshop 2025ean , ‘Sub-1B Language Models for Low-Resource Languages: Training Strategies and Insights for Basque’. Gorka Urbizu ikerlariak egin zuen aurkezpena, eta egileen artean Xabier Saralegi, Iñaki San Vicente eta Ander Corral ere badaude.

Linguatec-IA proiektuak ekintza bikoitza antolatu zuen Okzitaniako Tolosan. Topaketa proiektuaren partzuergoaren bilerarekin abiatu zen, eta hurrengo egunean mugaz gaindiko mintegia antolatu zen. Aitzol Astigarragak ordezkatu zuen Orai bertan.