Skip to main content
Markai aurkezpena
2025 | November 27

Markai jaio da, adimen artifizialaren bidez marken ospea denbora errealean neurtzen duen soluzio teknologikoa

Bilboko Azkuna Zentroan egin den INDEUSeko urteko azken bileran aurkeztu dute Sorland komunikazio agentziak eta Orai Adimen artifizialeko zentroak Markai. Adimen artifizialaren bitartez, milioika datu digital aztertzen ditu denbora errealean, edozein erakunderen irudiari buruzko diagnostiko zehatza eskainita.

Unibertso digitala minutuero aldatzen ari da. Segundoero. Abiada handian doan gizarte batean bizi gara. Testuinguru horretan jaio da Markai, zaratari ordena jarriko dion euskal soluzio teknologikoa. 

Adimen artifiziala oinarri, marken ospea neurtzen du denbora errealean. Komunikabide digitalek erakunde edo enpresen izen ona nola eraikitzen duten detektatzen du. Azkar eta norabide egokian lerratzen diren erantzun egokiak egituratzeko parada eskaini nahi du. Markaik aukera ematen du jakiteko zein den hedabideek marka bati buruz sortzen duten irudia eta nola eboluzionatzen duen horrek denboran zehar. 

Adimen artifiziala oinarri duen euskal soluzio teknologikoa

Markai markaren diagnostikoan espezializatuta dagoen adimen artifiziala da. Lengoaia Naturalaren Prozesamenduan (NLP) oinarritutako teknologiari esker, milioika datu digital identifikatzeko, aztertzeko eta interpretatzeko gai da: mezu bakoitzaren intentzionalitatea, tonua eta polaritatea, aipamen positiboak, negatiboak eta neutroak, besteen artean. Informazioa modu bisual, argi eta erabilgarrian ipintzen du erabiltzailearen eskura.

“Hedabide digitalek etengabe eragiten dute iritzi publikoan. Artikulu eta iruzkin bakoitzak marka bati buruz dagoen pertzepzioa eraikitzen du”, azaldu dute bertan lanean ari diren profesionalek. Markai egunean 24 orduz lan egiten duen komunikazio aditu bat alboan izatea bezalakoa da, marka bakoitzaren inguruan gertatzen dena milaka begiren eta begiradaren bitartez ikuskatu, aztertu eta interpretatzen duena. 

“Euskal soluzio teknologiko honi esker, erakundeek azkar eta estrategikoki erreakzionatu dezakete. Aro digitalean gainditu beharreko erronka komunikatiboetarako soluzio digitala bilakatzen da Markai, Sorlandeko komunikazio-arloko profesionalen bide-laguntzarekin”, nabarmendu dute INDEUSeko aurkezpenean.

Oraik garatutako monitorizazio eta analitika sistema aurreratuari esker, Markaik joerak antzeman, krisiei aurrea hartu eta marka batekiko jarrera positiboak sustatzeko aukera ematen du. Datuen monitorizazio eta analitika horren bidez, zer gertatzen ari den hobeto ulertu ahal izango da. Arazo eta narratiba faltsuei aurre egin. Jarrera positiboa sustatuz hazi. Helburua da erakundeei laguntzea informaziotik ezagutzara eta ezagutzatik ekintzetara pasatzen. 

Euskal enpresak adimen artifizialaren abangoardian

Markai Sorlandek eta Oraik elkarlanean garatu duten tresna da. Sorland Euskal Herriko erakunde eta enpresa liderrei aholku ematen hainbat hamarkadatako esperientzia duen komunikazio-agentzia da. Orai, berriz, Lengoaia Naturalaren Prozesamenduan espezializatutako adimen artifizialeko zentroa da. Bi erakundeen eskarmentu eta ezagutza uztartuz, gaur egungo garai digitalean ospea modu eraginkorrean kudeatzeko irtenbide estrategiko gisa kokatzen da Markai.

Datuen monitorizazioa eta analitika
Informazioaren erauzketa eta berreskurapena