Skip to main content
Sarebide - Berria
2025 | Ekaina 18

Adimen artifiziala bost euskal hedabideren gaitasun teknologikoak hobetzeko

Sarebide proiektuak ikus-entzunezkoak partekatzeko sistema bat eta plataforma digital berriak garatzea du helburu

Datozen hiru urteetan, BERRIAk, Hamaika Telebistak, Euskal Irratiak hedabideak, Kanaldudek eta Euskalerria Irratiak baliabide eta soluzio teknologiko komun batzuk garatuko dituzte, euskarazko ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko tresna berriak sortzeko, Elhuyarrek sustatutako Orai adimen artifizialeko zentroa bidelagun dutela. Sarebide proiektua abian jartzeko bileran, euskarazko bost komunikabideen eta adimen artifizialeko zentroaren arteko lankidetza-proiektua garatzeko oinarriak ezarri dira.

Europako Batasunak finantzatuko du proiektuaren % 65, Interreg POCTEFA mugaz gaindiko lankidetza-programaren funtsen bitartez, Mendebaldeko Eremu Funtzionalari (AFOMEF) dagokion deialdiaren barruan. Dirulaguntzen berri eman zutenean azaldu zutenez, «asmoa da sare bat sortzea, Iparraldeko, Nafarroako eta Euskadiko euskarazko hedabideak bateratzeko eta izan ditzaketen oztopoak gainditzeko». Sarea osatzen duten bost komunikabideek beren gaitasun teknologikoak eguneratu nahi dituzte, euskarazko ikus-entzunezko edukien eta musikaren banaketa errazteko; horren barruan, adimen artifiziala ikertu eta aplikatu nahi dute, edukien kudeaketa eta erabiltzaileen esperientzia hobetzeko.

Zehazki, eduki digitalak kudeatzeko eta trukatzeko sistema komun bat garatu nahi dute datozen hiru urteetan, eta, horri lotuta, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma digital bat sortu, eta, zehatzago, baita musika-plataforma partekatu bat ere. Horrez gain, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpen komuna arakatu nahi dute, «publiko berriengana iristeko» asmoz, baita, Elhuyarrek sustatutako Orai zentroaren eskutik, adimen artifizialean oinarritutako tresnak ikertu eta aplikatu ere.