Skip to main content

Soluzioak

Enpresa eta erakundeentzat neurrira egindako proiektuak garatzen ditugu, eta, horretarako, hainbat soluzio teknologiko eskaintzen ditugu sei arlotan sailkatuta. Sektore askori begira ere neurriratzen ditugu soluzioak.

Soluzioak

Bilaketa-tresnak eta ezagutzaren kudeaketa

Informazioa modu zehatzean bilatzeko eta egituratu gabe dagoen ezagutza kudeatzeko soluzio aurreratuak eskaintzen ditugu, testu-bilduma handiak dituzten eta ezagutzaren kudeaketa erabakigarria den erakundeen prozesuak efizienteagoak eta eraginkorragoak izan daitezen. Informazioa hainbat hizkuntzatan duten erakundeentzat ere hizkuntza arteko bilaketak egiteko irtenbideak eskaintzen ditugu. 

Lehenik entrenamendu-datu egokiak behar dira, eta, horretarako, informazio-iturriak ongi identifikatu, testu-bildumak bildu eta prozesatu. Ondoren, bilaketak egin, galderak erraztu eta erantzun egokiak jasotzeko algoritmo konplexuak egokitu eta integratzen ditugu. Askotariko soluzioak eskaintzen ditugu, hala nola testuak sailkatzea, testuak multzokatzea, entitate izendunak erauztea, ezagutza datu-baseekin lotzea, iritziak erauztea, dokumentuak laburtzea eta informazioa berreskuratzea.

 

Osasungintza aurreratua
Hezkuntza eta unibertsitateak
Industria adimenduna
Administrazio publikoa
Kultura- eta sormen-industria (KSI).
Merkataritza

Soluzioak

Itzulpen automatikoa

Itzulpen automatikoan, gure teknologia eta ereduak eraikitzeaz gain, beste zenbait erakunde eta enpresarntzat neurrira eraikitako ereduak sortzen eta egokitzen ditugu. Besteak beste, testu-bolumen handiak kudeatzen dituzten enpresa eta erakundeentzat, pertsonalizazio-beharrak dituztenentzat eta dokumentazioaren kudeaketa ezinbestekoa dutenentzat. 

Erakundearen corpusak eta testu-bildumak hartu, haien beharren araberako eredua entrenatu, ebaluatu eta kalitate-maila altuagoko itzultzaile automatikoak sortzen ditugu, hain zuzen gure teknologia bezeroaren premietara egokitzen dugulako. 

Pertsonalizazioa, berariazko terminologia, integrazio-erraztasunak eta konputazio-ahalmen txikiagoko zerbitzariekin funtzionatzeko aukera emango duten sistema neuronal horien eskuragarritasuna eta efizientzia areagotzea dugu helburu. 

 

Industria adimenduna
Osasungintza aurreratua
Hezkuntza eta unibertsitateak
Administrazio publikoa
Kultura- eta sormen-industria

Soluzioak

Ahots pertsonalizatuak

Oso lokuzio-ordu gutxirekin ahots pertsonalizatu eta naturalak sor ditzakegu. Hala, enpresek beren marka-izaera eta branding-estrategia indartuko duten ahots propioak sor ditzakete, eta beste hainbat aukera ere badaude: hedabideetarako podcastak, bikoizketa automatikoa, irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleentzako erreminta irisgarriak, makina eta pertsonen arteko elkarrizketa humanizatuagoak, eta ahotsen errehabilitazioa eta jarduera terapeutikoak osasungintzan. 

Hizketaren sintesian dugun teknologiari eta gaitasun teknologikoei esker, lokuzio-orduak hartu, gure ereduekin entrenatu, emaitzak ebaluatu eta ahots pertsonalizatu edo klonatuak eraikitzen ditugu. Hizkuntza askotan lan egiten dugu, eta baliabide urriko hizkuntzetan ere ari gara lanean, ezinbestekoa duten jauzi teknologikoa eman dezaten. Genero aldetik neutroak diren ahotsak ere garatzen ditugu.

Industria adimenduna
Osasungintza aurreratua
Administrazio publikoa
Kultura- eta sormen-industria
Merkataritza
Hezkuntza eta unibertsitateak

Soluzioak

Transkripzio eta azpititulazio automatikoa

Transkripzio eta azpititulazio automatikorako soluzio teknologikoak eskaintzen ditugu enpresa, erakunde edo alor baterako hizketa-ezagutzaile pertsonalizatuak ekoitziz.

Zuzeneko azpititulazio automatikoak ere eskaera ugari ditu, eta erakunde askorekin hasi gara lanean haien domeinura egokitutako on-premises zerbitzuak eskaintzeko, zuzeneko emanaldi, hitzaldi eta bilkuretan erabiltzeko. 

Eredu akustikoak eta lengoaia-ereduak egokituz, edo transkribatutako corpusak lehengaitzat hartuz, modelo berriak entrenatu eta transkripzio-sistemak sortzen ditugu. Hizkuntza askotan, hainbat domeinu espezifikotan eta askotariko problematikekin egiten dugu lan. Tokiko aldaeretan, inguru industrialetan, baliabide urriko hizkuntzetan eta erronka teknologiko garrantzitsua dakarten inguruneetan jarduten dugu. 

Industria adimenduna
Hezkuntza eta unibertsitateak
Administrazio publikoa
Kultura- eta sormen-industria

Soluzioak

Laguntzaile adimendunak

Bezeroarekiko komunikazioa erraztea eta arreta azkarra eta pertsonalizatua eskaintzea ezinbesteko prozesua da enpresa eta erakundeentzat. Tramitazioak, informazio-eskabideak edo fabrikazio-makina bati kontsultak lengoaia naturalean egin ahal izatea oso garrantzitsua da enpresentzat. Pertsonei ataza zehatzak egiten laguntzeko erabiltzen diren sistemak dira eraginkorrenak: tramite administratiboetarako, erosketak egiteko edo galdera zehatzei erantzuteko adibidez. 

Horretarako gakoa zera da: garatu nahi den sistema domeinu jakinetara egoki mugatzea, laguntzaile adimendunak erabiltzaileak nahi duena ongi ulertu eta egoki kudea dezan elkarrizketa-sistemen bidez. Garrantzitsua da, halaber, argi izatea zer helburu lortu nahi den eta gai izatea horretarako teknologia entrenamendu-datu askorik gabe egokitzeko. Hala, domeinu jakinetara eta bezeroaren neurrira egokitzen diren laguntzaile adimendunak, laguntzaile birtualak eta txatbotak sortzen laguntzen diegu enpresa integratzaile, erakunde publiko eta enpresei.

 

Industria adimenduna
Administrazio publikoa
Turismoa
Energia eta telekomunikazioak

Soluzioak

Datuen monitorizazioa eta analitika

Internet eta sare sozialak informazio-iturri estrategikoa bihurtu dira; izan ere, haietako iritziak, albisteak eta edukiak prozesatuz, hobeto interpreta dezakegu errealitatea. Enpresa baten ospe digitala aztertzeko, politika publikoen inguruko iritziak neurtzeko edo narratiba digitalak atzemateko gai gara iritzien erauzketaren, sentimenduen analisiaren eta informazioaren erauzketaren esparruan ditugun gaitasun teknologikoei esker; besteak beste ataza hauetan: hitz gakoen erauzketa, polaritatearen neurketa, sailkapen automatikoa eta entitateen erauzketa.

Hedabideek eta sare sozialek ekoizten duten errealitatearen kontakizuna automatikoki interpretatu ahal izateak garrantzi estrategiko handia du inpaktu eta ikusgarritasun handiko enpresetarako, politika publikoen ebaluaziorako, turismoaren kudeaketa adimendunerako eta interpretazio-tresna berriak martxan jarri nahi dituzten erakundeetarako. Baita marketinean eta komunikazioan erreminta aurreratuak nahi dituzten sail edo agentzietarako eta gizarte-aldaketak eragin nahi dituzten erakunde sozialetarako ere. 

 

Industria adimenduna
Marketina
Finantzak
Energia eta telekomunikazioak
Turismoa