Skip to main content
Saralegi noticias
2023 | Azaroa 13

Adimen artifiziala, giza hizkuntzaren misterioa argitzeko pizgarri

Xabier Saralegik hizkuntzaren misterioari buruzko gogoeta argitaratu du Noticias Taldeko egunkarietan: La IA como revulsivo para resolver el misterio del lenguaje humano. Hizkuntzaren misterioak “oinarrizko zientziaren (batez ere hizkuntzalaritzaren) zein zientzia aplikatuaren arreta piztu du, eta adimen artifizialak garrantzi berezia hartu du horretan azken urteotan”.

“Hizkuntzaren misterioarekin lotuta, bat-batean agertu dira, nolabait, hizkuntza-eredu neuronal handiak: giza hizkuntza ulertzearekin eta sortzearekin lotutako atazak ebazteko adimen artifizialean lortu diren tresna arrakastatsuenak. Hala ere, galdera bat sortu da: nola moldatzen dira benetan eredu horiek hizkuntzaren bi konpetentzietan, formalean eta funtzionalean? Zenbait ikerketaren arabera, eredu horiek errendimendu handia erakusten dute hizkuntzaren konpetentzia formalean; gaitasun funtzionalari dagokionez, berriz, emaitzak apalagoak dira. Hala ere, eredu horiek konpetentzia formalean duten ageriko arrakastak galdera garrantzitsuak eragiten ditu gaur egun nagusi den hizkuntza-teoriari lotuta”.

Saralegik erantsi duenez, “nahiz eta ukaezina den hizkuntza-eredu handiek hizkuntza-atazetan errendimendu handia dutela, arriskutsua da oraindik giza garunak antzera funtzionatzen duela esatea”. Eta “xehetasun gehiagorekin eta zientzia kognitiboen esparruko diziplina arteko ikuspegiari jarraituz (psikologia, filosofia, antropologia, hizkuntzalaritza, adimen artifiziala eta neurozientzia)” ikertzeak onurak dituela aipatu du; “arreta berezia eskaini beharko zaio, beharbada orain arte hizkuntzalaritzak arreta gutxiegi eskaini baitio, sare neuronalen eremuari eta, oro har, ikaskuntza sakonari. Diziplinen arteko elkarrekintza hori lagungarri izango da giza hizkuntzaren misterioa ebazteko bidean sendotasun handiagoz aurrera egiteko”.