Skip to main content
KSI II
2024 | Apirila 12

Kultura- eta sormen-industria eta Orai, elkar indartuz (II)

Kultura- eta sormen-industria (KSI) digitalki eraldatzeko palanka dira adimen artifiziala eta hizkuntza naturalaren prozesamendua. Arlo estrategikoa da Euskal Herrian kultura eta sormenarena, gizarte-garapenaren ardatz baita eta jarduera ekonomiko garrantzitsua baitu. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, berrikuntzarako estrategien barruan lehentasun estrategiko gisa hartzen dira kultur- eta sormen-industriak.

 

KSIko enpresen eskaintza irisgarriago eta eleaniztunagoa egiteko oso baliagarri dira Orairen hizketa-ezagutza automatikoa (ASR edo automatic speech recognition) eta testuak ahots bihurtzeko teknologia (TTS edo text to speech): azpititulazio automatikoa, itzulpen automatikoa eta bikoizketako sistemak egokitzen ditu bezeroaren beharretara. Orairen teknologia Euskal Herriko hainbat komunikabidetan dago integratuta:

  • Hamaika telebistan, adibidez, azpitituluak automatikoki sortzeko eta, nahi izanez gero, azpitituluak editatzeko sistema daukate integratuta, baita azpitituluak itzultzeko aukera ere. Antxeta Irratian eta Kanalduden ere azpititulazio automatikoko sistemak ezarri dira.
  • Goienarekin ere albisteak eta edukiak azpititulatzeko sistema landu du Oraik, Debagoieneko hizkuntza-aldaerak eta edukien ezaugarriak kontuan hartu eta ingurune ez-formaletara egokitzeko. Une honetan, ikerketa-proiektu batean murgilduta dago Goiena, UKT eta Goierri Telebistarekin batera. 
  • Berrian, Zientzia.eus-en, Goienan eta Tokikom osatzen duten toki-komunikabideen webguneetan dago integratuta testuak ahots bihurtzeko Orairen teknologia daraman erreproduzigailua. Naiz irratirako azpiegituretan ere prest egongo da laster. Gainera, Naiz irratian, Berrian, Zientzia.eus-en, Goienan eta Tokikomen, ahots pertsonalizatuak sortu ditu Oraik kazetarien ahotsetatik abiatuta.

Tresna horietan guztietan aurrera egiteko puntako ikerketa egiten du adimen artifizialeko zentroak. Ikus-entzunezko edukiak automatikoki azpititulatu, itzuli eta bikoizteko onlineko plataforma bat sortzeko MultilingTool proiektua eramaten ari da aurrera, Creative Europe deialdiaren barruan. Gaztelania, frantsesa, ingelesa, euskara, katalana eta galegoa izango dute ardatz, eta ikasketa automatikoa eta ikasketa sakoneko azken estrategiak eta teknikak erabiliko dira.

Elhuyarren hizkuntza-zerbitzu aurreratuen eraldaketaren bidean, elia.eus itzultzaile automatikoa, aditu.eus hizketa-ezagutzailea eta TTS neuronala hizketa-sintesiko sistema dira gizarteari eskainitako tresna indartsuenak. Baina Oraik ikertzen jarraitzen du azken belaunaldiko berrikuntzak etengabe txertatzeko eta garatzeko, eta mailarik gorenean kokatzeko. Horren adierazgarri dira, besteak beste: Eliak ahotsa ere izatea, eta, hala, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko agintzeko aukera izatea; edota TTS neuronalak testua ahots bihurtzeko aukera ematea 6 hizkuntzatan eta, gainera, testu-kutxa erabilita edozein eduki entzun ahal izatea.