Skip to main content
Orai
2022 | Maiatza 25

Orai adimen artifizialeko langune berria sortu dugu industria eta enpresak lehiakorragoak izan daitezen laguntzeko

Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langune berria gara eta enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkiegu. 20 urteko esperientzia, lantalde gaitua eta kidetza-sarea dugu atzean.
Orai NLP Teknologiak adimen artifizialeko langune berria aurkeztu  genuen Donostian, Kursaalean egin duen agerraldian. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Josu Aztiria Urtaran Orai NLP Teknologiak languneko koordinatzaileak eman zituzten azalpenak, 60 gonbidatu eta kazetariren aurrean. Haiekin batera, ULMA Construccion, Elhuyar, GNOSS eta Tecnaliako ordezkariak izan ziren gurekin, eta adimen artifizialak eta lengoaia naturalaren prozesamenduak euren arloan eragiten dituzten onurak azaldu zituzten.

Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langune berria da Orai. Enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkiegu, eta industria-ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzea izango dugu xede. Izan ere, NLP teknologiak, lengoaia naturalaren prozesamenduak, komunikazioa errazten du, ahotsaren eta testuaren bidez, enpresen eta erakundeen jarduera zein pertsonen bizitza hobetzeko. Horrez gain, tresna teknologiko adimendunak eta etikoak ekoitziko ditugu, unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresekin lankidetzan.

20 urteko esperientziaren bermea

Orai NLP Teknologiak langunean, berria izan arren, 20 urteko esperientzia dugu atzean, baita bermea ematen dioten hainbat arrakasta-kasu ere. Horren adierazgarri da urte hauetan guztietan taldeko kideek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituztela zenbait aldizkari zientifikotan, eta aitzindari izan garela Euskal Herrian. Espainian eta Europan hizkuntza naturalaren prozesamenduan egin diren ikerketetan. Aipatu beharra dago, gainera, lantaldean 7 doktore daudela.
Asko eta ezagunak dira Orai NLP Teknologiak languneko lantaldeak, bere ikerketaren emaitza gisa, aurretik mamitu dituen soluzio eta produktuak; ezagunenak Elia itzultzaile automatiko neuronala eta Aditu hizketa-ezagutzailea badira ere, ezin ahaztu daitezke Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna eta Europako dirulaguntzekin Linguatec proiektuan baliabide urriko hizkuntza batzuetarako garatutako produktu eta tresnak ere. Horiek guztiak eta gehiago ikertzen, garatzen eta hobetzen jarraituko dugu, enpresek, erakundeek eta gizarteak aurrera egin dezaten.