Makinekin elkarrekintzan aritzeko 0 km-ko teknologia
Hizkuntza-eredu handiek (LLM) hizkuntza ulertu eta sortzeko modu berria ekarri dute. Eta horrek, noski, enpresan eta industrian ere badauka eragina, makinekin elkarrekintzan aritzeko modu naturalago eta errazagoak sortzeko modua ematen baitute. Oraik teknologia propioa garatzen du hizkuntza-teknologien arlo guztietan, eta teknologia horiek industriara eramatea du helburu.
Orain arte, makinekin elkarrekintzan aritzeko, makinak espresuki programatu beharra zegoen, edo botoien bidez aginduak eman beharra. Baina gaur egun LLMek aukera ematen dute hizketa bidez emandako aginduak robotaren programazio-bloke edo agindu bihurtzeko, eta, hala, makinaren eta gizakiaren arteko interakzioa sinpleagoa izateko. Gaur egun, industrian, operadoreek gero eta gehiago erabiltzen dute hizketa naturala makinak programatu, konfiguratu eta erabiltzeko, programazio tradizionalaren konplexutasuna saihestuz. Horretarako, hizketa-ezagutzako (ASR) eta hizketa-sintesiko (TTS) teknologiak behar dira.
Oraik ingurune industrialetara egokitutako ASR eta TTS teknologiak garatu ditu, ingurune zaratatsuetan erabiltzeko egokiak, hala nola fabriketan, biltegietan... Makinekin hizketa bidezko interakzioa errazteko baliabideak eskaintzen ditu Oraik, euskaraz eta beste hizkuntza askotan, enpresaren arabera egokituak.
Tecnaliak garatutako Hiro robotean, esaterako, Orairen ASR teknologia integratu dugu: robota gai da pertsonak esaten dizkion aginduak ulertzeko euskaraz. Gainera, TTS teknologia ere integratua du, eta, beraz, erantzunak ahots bidez eman ditzake.
Bestalde, Oraik LLM propio bat garatu du berriki. Kimu txatbota euskara ulertu eta prozesatzeko gai da; enpresa eta erakundeetako zerbitzari propioetan instala daiteke eta hainbat ataza egiteko gai da zenbait hizkuntzatan. Eredu arina denez, datuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna zaintzeko aukera ematen du.
Bertako teknologia baliatuz, enpresek kontrola, pribatutasuna eta eleaniztasuna bermatzen dituzte, enpresa teknologiko erraldoien menpekotasunik gabe. Gure ingurune eleaniztunean nahitaezkoa da adimen artifizialeko sistemek hainbat hizkuntza ulertu eta edukiak hizkuntza horietan sortzea bertako balioetan, kulturan eta egoeran oinarrituz. Enpresa bakoitzaren egoera eta baliabideen arabera enpresari hobekien dagokion teknologia bilatzea da gakoa. Oraik 0 km-ko teknologia eskaintzen du: euskaraz, industriara egokitua eta on premise instalagarria.