Skip to main content
ESEI proiektuaren aurkezpena
2026 | Urria 22

Adimen artifizial sortzaileek euskaraz sortutako edukietan gizarte-alborapenen inpaktua gutxitzea helburu

ESEI proiektuaren bidez, adimen artifizial (AA) sortzaileen estereotipoak eskala handian eta euskal gizartearen ikuspegitik aztertzeko metodologia garatu dugu, eta urriaren 19an antolatutako “Adimen Artifiziala: alborapenak eta erronka sozialak euskal gizartean” jardunaldian plazaratu ditugu emaitzak. Proiektua EHUko Ikuspegi Migrazioen eta Bizikidetzaren Katedrarekin lankidetzan gauzatu dugu, KSIgunek sustatuta.

AA sortzaileek gizarte-estereotipoak erreproduzitzeko duten arriskua aztertu dugu, euskal testuinguru soziokulturalari egokitutako ebaluazio automatizatu eta eskala handiko metodologia berritzaile bat erabiliz. Muitze Zulaika Oraiko ikertzaileak dionez (lanaren egile nagusietako bat), “adimen artifizialaren alborapena ez da argazki finko bat, argiaren arabera aldatzen den itzala da”. AAri egiteko eskatzen zaion atazaren arabera alborapena handiagoa edo txikiagoa izan daiteke.

ESEI proiektuan, AI-as-a-judge metodologian oinarritutako ebaluazio automatizatu bat garatu dugu; alegia, AA erabili dugu beste AA sortzaileen erantzunak aztertzeko eta estereotipoak automatikoki identifikatzeko. Metodologia horrek aukera eman du eskala handiko analisian jarduteko eta gizarte-alborapenak modu errepikagarri eta fidagarri batean neurtzeko. Euskal testuinguru soziolinguistikoari egokitutako ebaluazio-ataza eta datu-multzo espezifikoak sortu dira, eta, horien bidez, gaur egungo AA sortzaileen (GPT, llama-eus, Latxa...) portaera soziala aztertu ahal izan dugu.

Helburua izan da modu sistematikoan eta konparagarrian ebaluatzea AA sortzaile horiek zer portaera duten askotariko gizarte-alborapen motaren arabera, eta sortzen dituzten estereotipoen inguruko interpretazio kritikoa egitea. Horrela, emaitzek aukera emango dute LLMen garapen arduratsuagoa eta etikoagoa bultzatzeko, estereotipo sozialak modu proaktiboan identifikatzeko eta haiek murrizteko bidea eraikitzeko. ESEIk, beraz, ekarpen erabakigarria egin du AA bidezkoago eta etikoagoak garatzeko, eta, aldi berean, euskararen eta hizkuntza gutxituen ikusgarritasuna indartuko du teknologia aurreratuen arloan.

Lankidetza honen bidez egindako ikerlana LREC 2026 biltzarrean aurkeztu zuen Oraiko ikertzaile Muitze Zulaikak.

GARA-NAIZ egunkariak proiektu honetan egindako lanari buruzko kronika argigarria argitaratu du.

Hizkuntza-eredu neuronalak