
Azken dibulgazio-ekintzak
Urteko lehen hilabeteak oparoak izan dira Oraiko ikerlarientzat. Proiektu eta ikerketa berriak aurkezteaz gain, egiten dugun lana ezagutzera ematen jarraitu dute.
Muitze Zulaika ikerlaria Abu Dhabin egon zen urtarrilean, COLING 2025 hizkuntzalaritza konputazionalaren 31. Nazioarteko konferentzian, “BasqBBQ: A QA Benchmark for Assessing Social Biases in LLMs for Basque, a Low-Resource Language” lana aurkezten. Ikerlan hau Xabier Saralegirekin batera egin du ICL4LANG proiektuaren testuinguruan. Hain zuzen ere, ikerketa horri buruz aritu zen Zulaika Euskadi Irratiko Faktoria saioan.
Zulaikak irratian eduki zuen tartea ez da izan Oraiko ikerlariek azkenaldi honetan hedabideetan izan duten bakarra. Xabier Sarasola eta Iñigo Morcillo ikerlariak Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla saioan izan dira, SERMAS proiektuan ingurune zaratatsuetarako hizketa-ezagutzaren inguruan egin duten ikerketari buruz hitz egiten.
Irratian ez ezik, telebistan ere oihartzuna izan dugu azkenaldi honetan. ETBko Hitzetik Hortzera saioan adimen artifizialak bertsolaritzan emango dituen aukerei buruz aritu da Oraiko koordinatzaile Aitzol Astigarraga, Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiarekin batera.
Txatbotek oinarrian dituzten hizkuntza-eredu handietan (LLM) euskara egiten ari den bideaz idatzi du Elhuyar Aldizkarian Igor Leturiak. Iñaki San Vicente, bestalde, kazeta.eus-en elkarrizketatu zuten AAren gaiaren harira.
Aitzol Astigarraga ‘International Conference on Language Technologies for All’ konferentzian izan zen, Parisen. Eta Eibarko …eta Kitto! Euskara elkarteak antolatutako ‘Euskararen Sozializazioa eta Transmisioa’ mintegian ere parte hartu du.
Hitzaldiekin jarraituz, GipuzkoaTIC-ek antolatutako jardunaldian izan da Xabier Saralegi. Adimen Artifizialaren ibilbideaz eta Oraik arlo horretan egiten duen lanaz aritu da bertan. Euskarak ingurune digitalean duen lekuaz aritu da, besteak beste.
Maddalen Lopez de Lacalleren, Xabier Saralegiren eta Aitzol Saizarren "Generating Multiple-Choice Questions in Spanish and Basque using LLMs: A Comparative Manual Evaluation" artikulua SEPLNren (Sociedad Española para el Procesamiento del Lenguaje Natural) aldizkarian argitaratu digute.
Linguatec-IA proiektua aurkeztu zen Baionan. Ekitaldi hartan, hizkuntza txikiek adimen artifizialeko hizkuntza-eredu handiak garatzeko zer zailtasun dituzten azaldu zuen Oihane Cantero ikerlariak.