TECNALIAk eta Oraik robot industrial aitzindari bat garatu dute, euskaraz jarduteko gai dena
-
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak robot industrial bat aurkeztuko du +Industry azokan, gai dena langileekin hitz egin eta hitz egindakoaren arabera modu autonomoan bere burua konfiguratzeko. Euskarazko bertsioa Orai NLP Teknologiak-ekin elkarlanean garatu dute.
-
Robotak integratuta daramatza Oraik euskararako garatutako zenbait teknologia arrakastatsu —hala nola hizketaren sintesia eta ingurune industrial zaratatsura egokitutako transkripzio automatikoa—.
-
Elkarrizketa baten bidez konfiguratu/programatu daitekeen sistema industrial adimendunaren kontzeptua mota guztietako sistema industrialetan aplikatzeko asmoz garatu du TECNALIAk; besteak beste, robotetan, ekoizpen-makinetan eta banaketa-sistemetan.
TECNALIAk euskaraz (eta beste hizkuntza batzuetan) elkarreraginean jarduteko gai den robot industrial aitzindari bat ezagutarazi du, Bilbao Exhibition Centerren (BEC), erakustaldi baten bidez, +Industry azokaren weAR topaketan. Euskarazko bertsiorako, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Oraik garatutako bi teknologiaren laguntza izan du: ASR (Automatic Speech Recognition edo transkripzio automatikoko teknologia) eta TTS (Text To Speech edo hizketaren sintesia). Orai adimen artifizialeko zentroak, zeina hizkuntza naturalaren prozesamenduan espezializatua baitago, itzulpen automatikoaren eta sare neuronal handien (LLM) esparruan egiten du lan, eta haren asmoa da erakundeei ikerketa aurreratua eta soluzio teknologiko adimendunak hainbat hizkuntzatan eskaintzea.
TECNALIA aktiboki ari da lanean pertsonen eta sistema teknologikoen —roboten, kontrol industrialen, makina-erreminten eta beste plataforma batzuen— arteko interakzio naturalagoa ahalbidetzen duten teknologiak garatzen. Azken aurrerapenak erakusteko, weAR-erako prestatutako erakustaldian ikusi ahal izan da nola, elkarrizketa arin baten bidez, robotari zer ekintza egin behar dituen adieraz diezaiokegun, hizkuntza batean baino gehiagotan; adibidez, euskaraz. Hortaz, euskarazko hizketa ezagutzeko Oraik garatutako teknologia bere robot industrial batean inplementatu du TECNALIAk.
Horri esker, edozein langilek, baita ezagutza teknikorik eta programazio-esperientziarik ez dutenek ere, robota konfigura dezake askotariko zereginak egin ditzan. Kasu zehatz honetan, bitrozeramika baten osagaien muntaian oinarritzen da erakustaldia, eta erakusten du nola egokitu daitekeen robota eta nola ikas ditzakeen jarraibide berriak modu intuitibo eta eraginkorrean.
Iraultza komunikazioan
Hizketa-teknologiak eta teknologia sortzaileak konbinatuz, eraldatu egin daiteke makinen eta gizakien arteko interakzioa eta makinak gure beharretara egokitzeko modua. Aurrerapen horiek interakzio-modu berriak sortzen dituzte; adibidez, ahots bidezko elkarrizketa naturala. Horrek goitik behera aldatzen du makinekin eta sistema automatizatuekin komunikatzeko dugun modua eta makinek erreakzionatzeko eta erantzuteko duten modua.
Honela adierazi du Unai Anterok, TECNALIAko Interakzio Areagotuko Fokuko arduradunak: “Enpresa teknologiko handiek hizkuntza nagusietako —hala nola ingelesezko— adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko erabiltzen dituzte baliabide gehienak, eta horrek desabantaila nabarmena dakar hizkuntza gutxituentzat, hala nola euskararentzat. Hortaz, transkripzio automatikoa egin behar dutenean edo euskarazko galderei erantzun behar dietenean, adimen artifizialek erantzun generikoak, desegokiak edo are okerrak eskaintzen dituzte, datu gutxi dituztelako hizkuntza horietan entrenatzeko. Horrek erakusten du ahalegin berezia egin behar dela euskara adimen artifizialean eta etorkizuneko teknologian txertatzeko”. Horregatik da garrantzitsua robot industrial hau.
Bestalde, nabarmendu duenez, “gaur erakutsiko dugun robotarekin interakzioan jarduteko hizkuntza bat baino gehiago erabil ditzakegu, tartean euskara, eta ORAIri esker izan da hori posible. Gainera, hasiera besterik ez da hau, eta espero dugu etorkizunean sistemak berak identifikatzea hizkuntza, automatikoki”.
Honela mintzatu da Oraiko Hizketa Teknologien arduraduna, Igor Leturia: “Guretzat harro egotekoa da robot industrial aitzindari honek gure teknologia erabiltzea. Eta, gainera, garrantzitsua da gure teknologia azoka horretan ezagutaraztea, fabrikazio adimendunari eskainitako Estatuko topagunerik handiena baita; hantxe erakusten dira automatizazioaren eta robotika industrialaren arloetako azken aurrerapenak”. Oraiko ikertzaileak adierazi duenez, “gaur egun asko erabiltzen da hizketa makinekiko elkarrekintzan, eta bai gure ASR teknologia (hizketa automatikoki ezagutzekoa) bai TTSa (testua hizketa bihurtzen duena) mota guztietako makina eta robotetan, biltegietan, fabriketan eta abarretan integra daitezke”.