Skip to main content
Itzultzaile automatikoei erakusten diegu gizonezko erizainak ere badaudela
2022 | Abendua 13

Itzultzaile automatikoei erakusten diegu gizonezko erizainak ere badaudela

  • Itzulpen automatikoan genero-alborapena zuzentzeko teknika berritzaile bat sortu du Oraik.
  • Teknika Itzulpen Automatikoko Zazpigarren Konferentzian aurkeztu berri dute, itzulpen automatikoaren alorreko nazioarteko konferentziarik prestigiotsuenean.

 

Genero-alborapena arazo ezaguna da adimen artifizialaren alorrean. Gaur egun, alor horretan erabiltzen diren algoritmo gehienek adibideetatik ikasten dutenez, sarrerako adibideetan dauden alborapen eta estereotipo sozialak ere ikasten dituzte. Hortaz, algoritmo horiekin ikasitako sistemek alborapen hori errepikatzeko joera dute.

Itzulpen automatikoko sistema neuronalek ere arazo hori dute, eta entrenamendu-adibideetan ageri den genero-alborapena itzulpenetara eramaten dute. Adibidez:

Nire ama errementaria da. Mi madre es herrero.

Nire aita erizaina da. Mi padre es enfermera.

Itzulpen automatikoko sistemen erabilera masiboa dela eta, halako genero-alborapenak iraunarazteko eta areagotzeko arriskua dago. Genero-alborapenaren arazoa kudeatzea ez da erraza, eta are gutxiago itzulpena generorik gabeko hizkuntza batetik egiten denean, hala nola euskaratik. Oraik, hain zuzen ere, generorik gabeko hizkuntzentzat baliagarria den teknika berritzaile bat ikertu eta garatu du.

Proposatutako teknikak bi metodo uztartzen ditu: “Alborapena duen sistema neuronalak adibide orekatuetatik ikasiz alborapen hori zuzentzeko metodo bat, eta sistema neuronalari generorik gabeko hizkuntzan genero-informazioa modu esplizituan txertatzeko metodo bat”, adierazi du Oraiko NLP teknologietako ikertzaile Ander Corralek.

Ikerketa honen emaitza oso baliagarria izango da itzultzaile automatikoek duten genero-alborapena zuzentzeko; bereziki, generorik gabeko hizkuntzetatik itzultzeko aukera ematen duten itzultzaile automatikoena. Halaber, “sortutako teknika konputazionalki arina da, eta ez da konplexua produkzioan dauden sistemetan txertatzea —erantsi du Oraiko NLP teknologietako arduradun Xabier Saralegik—. Teknika honi esker, genero-alborapenik gabeko itzulpen automatikotik hurbilago gaude; pauso garrantzitsua da hau genero-alborapenik gabeko itzulpen automatikoak lortzeko norabidean”.

Ikerketa-lan hau itzulpen automatikoaren alorreko konferentziarik prestigiotsuenean aurkeztu dute Oraiko ikertzaileek, abenduaren 7 eta 8an izan den Itzulpen Automatikoko Zazpigarren Konferentzian (Seventh Conference on Machine Translation - WMT22).

Lan honek agerian jartzen du adimen artifizialaren ikerketari ikuspegi etiko batetik heltzen diola Oraik, eta gure gizartearen gaur egungo erronkei aurre egiteko konpromiso finkoa duela.

 

Artikulua:

Gender Bias Mitigation for NMT Involving Genderless Languages.

Ander Corral and Xabier Saralegi

 

Itzulpen automatikoa
Itzulpen automatiko neuronala