Skip to main content
Euskara adimen artifizialaren aroan garatzeko zenbait gako
2023 | Martxoa 24

Euskara adimen artifizialaren aroan garatzeko zenbait gako

Hizkuntza-teknologiek eta adimen artifizialak euskararen normalizazioari nola eragin diezaioketen izan du hizpide Oraiko koordinatzaile Josu Aztiriak Euskalgintzaren Kontseiluaren Batzar Nagusian (Gasteizko Europa Jauregian, 2023ko martxoaren 24an). Euskararen normalizazio-prozesua ardatz harturik, hizkuntza-teknologiek eta adimen artifizialak egin ditzaketen ekarpen positiboak zein sortu daitezkeen arriskuak eta erronkak izan dituzte aztergai.

Lengoaia Naturalaren Prozesamenduaz (LNP) aritu da, horixe baita adimen artifizialak euskararekin duen lotura. Pertsonen eta makinen arteko (eta pertsonen arteko) hizkuntza bidezko komunikazioa errazteko tresna konputazionalak ikertzeaz arduratzen da LNPa, eta, orotara, adimen artifizialaren ikerketa-ekoizpenaren % 40 dagokio.

Bilaketa-sistemak, informazioaren erauzketa, itzulpen automatikoa, hizketaren ezagutza, laguntzaile adimendunak… Euskaraz horiek guztiak nola garatu izan diren eta gaur egun zer egoeratan gauden azaldu du. “Euskara, baliabide urriko hizkuntza izanagatik ere, oso ondo kokatuta dago arlo honetan”, esan du. Nolanahi ere, bizi dugun disrupzio eta aldaketa handiko egoerari indarrez heldu behar zaiola nabarmendu du. Hala, gaur egun bizi dugun eraldaketa globalak eta eszenatoki hurbilak aztertu ditu: eleaniztasunak, digitalizazioak eta interakzio-joera berriek zer pisu duten. Eta, azkenik, lanerako hipotesi batzuk eta aurrera begira hausnartzeko zenbait gai aurkeztu ditu.