Skip to main content
Aditu bikoizketa-plataforma
2026 | Otsaila 17

Elhuyarren bikoizketa automatikoko plataformaren teknologia Oraik garatua da

Bikoizketa-plataforma berria aurkeztu du duela gutxi Elhuyarrek. Ordura arte audioak eta bideoak transkribatzeko, azpitituluak sortzeko eta itzultzeko aukera ematen zuen Aditu plataformak, eta, orain, bikoizketa automatikoa egiteko aukera txertatu du. Hala, haren bidez, ikus-entzunezkoak erraz bikoiztu daitezke automatikoki beste hizkuntza batean, hizlarien ahotsa imitatuz edo plataformak eskaintzen duen ahotsak erabiliz. Oraik hizkuntza naturalaren prozesamenduan garatutako teknologiak darabiltza plataformak: hizketaren ezagutza, itzulpen automatikoa, hizketa-sintesia eta ahots-klonazioa, sei hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa, galegoa eta katalana).

Batetik, bideoak eta audioak automatikoki transkribatzeko eta azpitituluak automatikoki sortzeko, ASR (automatic speech recognition) edo hizketa-ezagutzako teknologia erabiltzen du. Bestetik, transkribapenak zein azpitituluak automatikoki itzultzeko, Orairen itzulpen automatikoko garapenak dauzka txertatuta. Eta, azkenik, Aditun jarritako TTS (text to speech) edo testua hizketa bihurtzeko teknologiari esker, bikoizketa egin daiteke: aurrez grabatuta dauden ahotsak hauta daitezke hizlari bakoitzarentzat edo jatorrizko ahotsa imitatu (ahots-klonazioaren bidez).

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako plataforma honek punta-puntako teknologia erabiltzen du. Orai etengabe ari da ikertzen teknologia berrienekin, bere garapen guztiak hobetzeko. Azken urrats honetan garatutako ahots-klonazioan aurrerapen nabarmenak lortu dira berriki.

Adituk, bestalde, konfidentzialtasuna eta segurtasuna ere bereziki zaintzen ditu, eduki guztiak modu konfidentzialean tratatzen baitira. Adituren helburua da ikus-entzunezko eleaniztunak sortzeko prozesua erraztea, eta gero eta eremu gehiagotan erabil daiteke: ikus-entzunezkoen produkzioan, edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan eta enpresetan, komunikazio-aukera berriak sortzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko…

Ahots pertsonalizatuak
Hizketaren sintesia